2021 Kandelak
KANDELAK 2021
Kandela txiki bat aski da gelarik ilunena argitzeko. Hori ondo daki gau beltzean zain egon denak; dei baten zain, berri on baten zain.
Kandela baten parean eseri zen, ez baitzeukan beste heldulekurik. Denbora labainkorra baino ez zioten eskaini, hogeita lau ordu. Beti da hogeita lau ordukoa medikuek eskatzen duten pazientzia dosia.
Argitasuna besarkatu zuen bere gorputz osoarekin, eta kandela harexen oinetara amildu zen, fededuna izan ez arren, maitasunean sinesten zuelako itsu-itsuan. Behar zuen kandela hura piztea, ikustea zelan mugitzen zen garra suzko olatu gozo baten eran, edo zelan egiten zuen dar-dar bat-batean, leihoa itxita egon arren. Behar zuen kandela hark argi zezan bere gela iluna, esan ziezaion: “Hor duzu atea, hor aulkia, hemen zaude zu. Ez kezkatu”. Kandela bati eska dakiokeen guztia eskatu zion. Kandelak esaten zekien guztia esan zion.
Hogeita bost ordu erre zituen guztira. Bere zati bat ere kiskali zen kandela bakoitzarekin, bere baitako hari zuriak belztu eta erraustu zitzaizkion itxaronaldian. Eztarrian pilatu zitzaion kandela-negarra. Lo errea. Begi erreak.
Baina hogeita bosgarren orduak ekar ditzake goizeko izpiak gelara, errezel finen ostetik, eta hauek argituko dute, nahi barik lez, mahai-gaina, aulkia, atea, eta ikatz bihurtutako kandelen eta beldurren ilara bat.
Ikuskizuna
Neurri handiko egurrezko eskultura bati beste dimentsio bat emango dio Garazi Etxaburu dantzariak: bizitasuna. Giharrak dardaraziz zein bare-bare mugituz, kandelaren sugarra irudikatuko du Jose Pablo Arriagaren obraren inguruan.
Geruzaz osatutako eskultura honek emakume haurdun baten azalaren itxura har dezake, denbora luzez bizitza bat bildu eta babestu duen espazioarena. Geruza hauek moztu beharra gertatu daiteke, ordea, barruan dagoen hori atera nahi baldin badugu. Barruko umea, barruko mina, barru-barruan gordetako mamuak. Atera egin behar dira, bizitzekotan.
Zauria josi egiten da ondoren, gozo eta zehatz, gure baitako geruzak sendatu eta azalberritu daitezen. Kandelaren aurrean kiskali gintuen denbora horrexek berak lehortuko du gure ebakia, betikotuko du orbaina larruan, eta eskertu egingo diogu, agian, itxaroten erakutsi izana.