Itogina

ITOGINA   Ur tanta soil batek eman dezake hondamendi baten berri. Itogina zauri bat da teilatuan, haizearen eta uraren aurkako borroka txiki galdu bat. Itogina da espero bako ur putzu hotz bat gure etxean, eta konponbide bat aurkitu beharra, orain, ahalik bizkorren. “Itogina” erakusketan teilek pertsonak sinbolizatzen dituzte. Gutako bakoitza teila bat da, gure tolesdura, gure forma, gure arrakala; teilatuak, ostera, herria irudikatzen du. Teilek eusten dute teilatua, eta teilatuak eusten ditu, era berean, teilak. Tentsioa eta oreka. Norbanakoak eta osotasuna. Denok gara ezberdinak. Kokapenaren arabera, eguzkiak bizkorrago higatzen ditu zenbait teila; leku hezeenetan daudenei goroldioa sortzen zaie; batzuei harriak jartzen zaizkie gainean, haizeak eraman ez ditzan. Urak teilaturaino iritsi zaizkigu oraingoan. Zer egingo dugu? Zein bide hartuko du gutako bakoitzak? Teila batzuek ihes egin dute, hegan. Beste zenbaitek flotatzen ikasi dute; badira urpean bizitzen saiatzen ari direnak ere. Arriagak egurrezko teilak landu ditu erakusketa honetarako, indargune hori eman nahi izan die: hondoraezinak izatea. Metakrilatoa: zurruntasuna tolesten Itxialdian oihalezko teilatuak eskaini zizkigun Arriagak babesleku gisara. Ez da izan erraza irtetea. Babes-pantailen bestaldetik begiratzen diogu munduari orain. Noizbait, babesaren esanahia goxoa zen, orain hotza da; orain babesteko urrundu egin behar da. Metakrilatozko horma zurrunak daude gure besarkaden erdian, eta bakoitzak ahal bezala egiten dio aurre egoerari. “Itogina” erakusketa zortzi koadrok osatzen dute. Metakrilatoan inprimatutako teilen argazkiak dira. Arriagak metakrilatoaren gogortasuna zalantzan jarri nahi izan du, material hau berotuz eta eskuekin tolestuz. Berotasunak hoztasuna desafiatzen du. Metakrilato moldeatuaren bidez gutako bakoitzaren barne-borroka irudikatzen du, zurruntasunaren aurkako borroka eta honen forma korapilatsuak, egonezin kolektibo hau. Itogina. Ez gara teilatuez oroitzen, zulatzen diren arte.