2022 Mudanza

MUDANZA 2022/2023

 

Muda:

Animaliez mintzatuz, ilea, lumak, azala edo oskola aldatzea.

 

Animaliek badakite larruz noiz aldatu. Halaxe aurkitzen ditugu sugeen azal zaharrak basoan, edo karramarroen oskol gardenak harkaitzetan. Animalia guztiek ez dute mudantzarik onartzen, ordea. Pertsonek haien azal zaharrari eutsi nahi izaten diote askotan, haien babeslekua, haien mozorroa, haien habia izan denari. Baina askatzean datza bakea.

Lagun min baten bat-bateko heriotzari emandako erantzuna da Jose Pablo Arriagaren “Mudantza”. Zenbait pertsonak itsas-moiletako harrizko kubo erraldoien antza daukatela sentitzen du artistak. Mendiaren tripetatik erauzitako marmol zuri-beltzak paper garrantzitsua betetzen du kostaldean: herria babestea; olatuen kolpe guztiak jasatea, ingurukoek lasai lo egin dezaten. Badira horrelako lagunak, gudaren lehen lerroari umiltasunez eta isilpean eusten diotenak.

Harria elementu itxi bat da, irteerarik gabekoa. Baina Arriagak askapenerako aukerak eman nahi izaten dizkie material zurrunei ere. Harrobiko kubo handi horien oskolak irudikatu ditu bere sorkuntzetan. Harrien mudantzarako eskubidea aldarrikatu du, harriena, eta harri horien funtzio berbera daukaten pertsonena. Ezin da beti eusten bizi. Mina azaleratzeko bideak bilatu behar dira.

Azal kubiko hauek maleta itxura hartzen dute batzuetan, mudantzaren ohiko esanahiari keinu bat eginez. Harrobiko zulagailuek harriengan arrastoak uzten dituzte, eta hori sinbolizatzen dute eskulturetan ageri diren marra paraleloek; kolore zuriak, berriz, purutasuna, lagunen aurrean zaurgarri agertzearen indarra adierazten du.

Bloke forman ageri den sorkuntza bakarra “Cho Oyu” da. Himalayako mendi baten izena daukan lan honek Arriagaren lagunak egindako espedizio bati egiten dio erreferentzia. Baina harrizko bloke honi ere irteera bat eskaini dio artistak, haustura bat, zurruntasuna eteteko.

“Mudantza” bildumako lan guztiak harri akrilikoz eta, zenbaitetan, zuriz margotutako egurrez eginda daude.

Utzi azal zaharrari erortzen. Berria prest daukazu.

 

No post was found with your current grid settings. You should verify if you have posts inside the current selected post type(s) and if the meta key filter is not too much restrictive.