2019 Biok

BIOK 2019

 

Estal dezagun gure harremana izara batez. Zer da ikusten dena?

“BIOK” erakusketak bikote baten bizikidetzako ñabardurak bistaratzen ditu. Harremanaren joan-etorrien orografia gorabeheratsuak.

Koadroetan bi teila dira protagonista: zu eta ni, gure arteko hau. Hormigoizko izara batek estaltzen ditu teilak, eta emozio guztiak filtratzen ditu; bizitza irakur daiteke izararen gainazal leunean.

Harremanaren mugimenduei egindako hamabi argazkik eta eskultura batek osatzen dute “BIOK”, eta koadro bakoitzean bikotearen elkarbizitzako une bat irudikatzen da. Zenbaitetan ilusioa ageri da, monotoniatik ihes egin nahia, dibertsioa; teilak izarapea berrasmatzen ikus daitezke, muga berrien bila.

Goxotasuna eta sexualitatea ere sumatzen dira argazkietan: okela korapilatuak, oreka simetrikoak. Elkarrekiko laguntza, konfiantza, eguneko momentu xumeen edertasuna… hor daude denak, izaretan bilduak.

Baina tentsio uneak ere badira. Izarapera sartu zaigu mesfidantza, eta orain hiru gara. Zu, ni, eta beldur bat. Teila berri bat. Puztu egin zaigu ohea, elkarrengandik urrundu dira teilak. Edo, agian, are estuago bilduko gara, are gehiago korapilatu, harreman hau airerik gabe utzi eta zatitan lehertu arte.

Izara tarratatu bat baino ez da geratuko lurrean biok alde egiterakoan.

Materialak oihal bihurtzea

Arriagak sortutako izarak hormigoizkoak dira, baina leundu egin ditu, arindu, ia hormigoi itxura desagerrarazteraino. Elementu hauskorrago batez eginak dirudite orain, plastikoaren edo portzelanaren traza handiagoa duen zerbaitez.

Tolesturei arreta berezia jartzen ari da Arriaga Egurraren tolesgarritasuna landu du urte askoan, baina orain bestelako materialei heldu die, egurra baino malguagoak direnei: oihala, metakrilatoa, hormigoia… Material hauekin gehiago sakondu baitezake plegu bakoitzean, forma zehatzagoak lortzeko.